Izena emateko epea zabalduko du Haurreskolak maiatzaren 2an

Haurreskolan matrikulatzeko epea datorren maiatzaren 2an zabalduko da eta irekita egongo da maiatzaren 10era arte.

Matrikulatzeko, haurrak jaiota izan behar du.

Orain matrikulatzen diren haurrak irailean, urrian edo azaroan hasiko dira haurreskolan.

Izena emateko ordutegia hau izango da: goizez, 09:30etik 11:00etara; eta arratsaldez, 13:30etik 15:00etara.

Ate irekietako eguna apirilaren 30ean

Datorren apirilaren 30ean, asteartearekin, ateak irekiko ditu Maria Maestra haurreskolak, barrutik ezagutu nahi dutenek aukera izan dezaten instalazioak ikusteko, hezitzaileekin hitz egiteko eta, oro har, informazioa jasotzeko. Bisita-ordua arratsaldez izango da, 17:00etatik 18:00etara.

Udal Liburutegiak asteartean irekiko ditu berriz ateak, Liburuaren Egunarekin

Datorren asteartean, apirilak 23, zabalduko da Liburutegia, egokitze-lanak bukatu eta gero.

Udal Liburutegia egokitzeko lan nagusiak otsailean eta martxoan egin dira eta, ondorioz, ia bi hilabete egon da jendearentzat itxita.

Apal eta altzari berriak eta Haur Txokoa

Liburutegiko apal guztiak aldatu eta metalezko berriak jarri ditu Udalak, kolore zurikoak. Haur eta helduentzako mahai, aulki eta bestelako altzariak ere berritu ditu eta, horrez gain, haur txikienentzako txoko berri bat eratu du, kristalezko itxitura baten barruan, haurrak eroso egon ahal izateko, liburutegiaren beste erabiltzaileei trabarik sortu gabe.