Benta bidea itxita egongo da datorren larunbatean eta astelehenean, Woody Allenen pelikularen grabaketagatik

Abuztuaren 10 eta 12an, Benta bideko errepidea moztu egingo da Woody Allenen pelikularen grabaketa dela-eta. Auzoko bizilagunek soilik izango dute errepidean pasatzeko aukera.

Gipuzkoako leku ezberdinetan bezala, Orioko Benta bideko errepidean, pelikularen zati bat grabatuko du Woody Allen estatubatuar zinema zuzendariak datozen egunetan. Grabaketak bi egunetan zehar egingo dira, abuztuaren 10ean eta 12an. Horregatik, abuztuaren 10, larunbata, Benta bidea itxita egongo da goizeko 07:00etatik 18:00etara. Astelehenean berriz, abuztuaren 12an goizeko 07:00etatik arratsaldeko 20:00etara itxiko da errepidea.

Plazako igogailua itxita dago, aberiagatik

Herriko Plaza eta Goiko Kalea lotzen dituen igogailua matxuratu egin da eta itxita dago konpondu bitartean.

Udalak aurreikusten du astelehenean konponduko dutela eta, beraz, asteburuan ez da egongo erabiltzeko moduan.

Barkatu eragozpenak.

Bentako bidea erabat itxiko da asteazken goizean, asfaltatze-lanengatik

Uztailaren 24an, asteazkenarekin, egingo dira Benta bidea asfaltatzeko lanak eta, ondorioz, bertakoentzat ere erabat itxita izango da bidea 08:30etik 14:30era, gutxienez.

Bidearen zati batzuetan, batez ere goi aldean (Etxaiz baserritik gora), osorik asfaltatuko da bidea eta, beraz, ezinezkoa izango da pasatzea. Bidearen beheko aldean ere konponketa-lan batzuk egin behar dira; baina arinagoak dira.

Udalak errotulua jarri du Salatxo aretoaren sarreran

Nagusiki kultur ekitaldietarako erabiltzen da Salatxo aretoa eta orain arte ez zeukan identifikatzeko errotulorik. Hori dela-eta, eta kontuan hartuta nahiko toki ezkutuan geratzen dela, ez da izaten erraza bertara iristea tokia ezagutzen ez duenarentzat.

Udalak aretoaren gainean errotulua jarri du orain, arazo hori konpontzeko.

Bizker Grafikak egin du lana eta 720 euroko kostua izan du, BEZik gabe.

Mendibeltz futbol eta sofbol zelaiaren ondoko berdegunea txakur-gorotzez garbi mantentzeko deia

Mendibeltz futbol eta sofbol zelaiaren ondoko berdegunean txakur asko ibiltzen dira eta ez da beti egoten behar lukeen bezain garbi.

Abuztuaren 1etik 18ra bitartean berdegune horretan kokatuko da Euskal Zirkua eta, hori dela-eta, Udalak belarra moztu eta txukundu egingo du berdegunea datorren ostiralean, uztailak 26. Euskal Zirkuaren instalazioak muntatzen igandean hasiko dira, uztailaren 28an, eta, beraz, Udalak eskatzen die txakurrak dituzten herritarrei inguru hori zaintzeko eta txukun mantentzeko, bai bi egun horietan eta bai gainerako guztietan.

 

Abuztuaren 3an Donostiako Klasikoa txirrindulari-lasterketa pasatuko da Oriotik eta aldaketak eragingo ditu ibilgailuen zirkulazioan

Abuztuaren 3an, larunbatarekin, izango da Donostiako Klasikoa txirrindulari-lasterketa eta horrek zenbait aldaketa eragingo ditu ibilgailuen zirkulazioan, Orion.

Bi lasterketa dira, emakumeena eta gizasemeena, eta biak pasatuko dira Oriotik egunean zehar.

Aldaketa plazaren peatonalizazioan, asteburu honetan hasita

Jakina denez, Herriko Plaza peatonalizatu egiten da asteburuetan, larunbateko 14:00etatik igandeko 20:30ak arte.

Udaleko Obra eta Zerbitzuetako batzordeak erabaki berri du epe hori luzatzea eta, udako hilabete hauetan, plaza peatonalizatuta egotea astelehen goizeko 07:30ak arte.

Oinezkoen segurtasuna bermatzeko

Erabakia hartzeko arrazoia hau izan da: plazan dabiltzan oinezkoen artean tarteka sortzen den zalantza eta nahaspila ebitatzea eta beren segurtasuna bermatzea. Uda honetan, zorionez, errezibimendu asko egiten ari gara igande iluntzetan eta ordu-garai horretan plaza bete-beteta izaten da maiz. Udalak uste du peatonalizazioa hurrengo goizera arte luzatuta seguruago ibili ahal izango direla herritarrak.

Neurri hori asteburu honetan bertan jarriko da indarrean eta hala segituko du irailaren 9ra arte, Kontxako estropadaren bigarren igandera arte.

Orioko Eguneko Zentroak 15 urte bete ditu

Gaurko egunez bete dira 15 urte Orioko Eguneko Zentroa ireki zela eta ekitaldi xume bat egin dute bertan, urteurrena ospatzeko.

15 urteotan makina bat familiari eman dio zerbitzua Eguneko Zentroak eta egindako ibilbide hori ekarri dute gogora gaurko ekitaldian. Bertan izan dira zentroko langile eta erabiltzaileak eta Udaleko alderdi guztietako ordezkariak.

Urola Kostako Udal Elkarteak dirulaguntza deialdia egin du, eskualdeko enpresentzat

Urola Kostako Udal Elkarteak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzarekin, dirulaguntzen deialdia egin du enplegua sustatzeko 2019ko planaren barruan.

Dirulaguntzen deialdia eskualdeko enpresei zuzentzen zaie, langabeak kontratatzeko. Guztira, 214.500,00 euro emango dira dirulaguntzatan. Eskabideak aurkezteko epea irailaren 20an bukatuko da.

Deialdiaren oinarriak eta eskabidea aurkezteko eredua Udal Elkartearen webgunean daude:

Euskaltzaleen Topaguneak pertsona bat kontratatuko du, Orion eta Aian Euskaraldia dinamizatzeko

2019-20 aldiko Euskaraldia dinamizatzeko pertsona bat kontratatuko du Euskaltzaleen Topaguneak, egun erdiz eta 15 hilabetez, aurtengo urrian hasita. Dinamizatzaile hori aukeratzeko lehiaketa dagoeneko martxan dago eta irekita dago izena emateko epea. Lehiaketan izena emateko azken eguna abuztuaren 26a izango da.

Kontratatuko den langilearen eginkizun nagusia Orioko eta Aiako Euskaraldia dinamizatzea izango da; eta, zehatzago, zeregin hauek bete beharko ditu, besteak beste:

Ostiralean emango zaio hasiera Bisiguaren Festari, herritar askoren parte-hartzearekin

Aurtengo Bisiguaren Festa ostiralean hasiko da eta igandera arte luzatuko da. Festari hasiera emateko ekitaldia Herriko Plazan egingo da ostiral arratsaldean, 20:00etan, eta, urtero bezala, herriko talde eta lagun ugarik parte hartuko du bertan.

Pello eta Nikolasa erraldoiak plazan izango dira ekitaldirako eta, berekin batera, baita Salatxo abesbatza eta Harribil dantza taldea ere, festa kantuz eta dantzaz hasteko. Herriko parrilleroak ere bertan izango dira eta udaleko ordezkariak ere bai. Bisiguaren Laguna izeneko omenezko saria Ana Mari Manzisidor eta Martxelo Manzisidor zenarentzat izango da, bi anai-arrebek beharrean egokitu direnen alde horrenbeste urtetan musu-truk egindako lanagatik.

Aimar Galarragaren harri-jasotze saioa

Programan ez bazegoen ere, ekitaldiaren barruan, Aimar Galarraga harri-jasotzaile oriotarrak harri-jasotze erakustaldia egingo du. Aimarren familiak harreman handia du manzisidortarrekin eta, hori dela-eta, Aimarrek ekitaldian parte hartu nahi izan du, omenaldiari bere alea gehitzeko.

Parrillak piztearekin batera, Petritegi sagardoa dastatzeko aukera izango da eta, ondoren, 21:00etan, Bisiguaren Festako lehenbiziko afariari ekingo zaio.

Txu-txu trenak ibilbidea aldatuko du larunbatean eta igandean, Bisiguaren Festa dela-eta

Asteburu honetan Orioko Bisiguaren Festa ospatuko denez eta Herriko Plaza jendez gainezka egongo denez, Txu-txu trenak aldatu egingo du ibilbidea larunbatean eta igandean, eta ez da plazara eta Anibarko Portura iritsiko. Horren partez, Ikastolako parean Abeslari kalea hartu eta Eusko Gudari kaletik barrena bueltatuko da hondartzara.

Barkatu eragozpenak.