Albisteak
Martxoko kultur programa ixteko, Pello Añorga ipuin-kontalariak saioa eskainiko du hilaren 30ean, astelehenarekin. Korrika Kulturalaren programaren barruan antolatutako ekitaldia da, 5 eta 8 urte arteko haurrei zuzenduta; kultur etxeko areto nagusian, 18:00etan.
Antton Telleria kazetari eta umoregileak Nekatutak bakarrizketa eskainiko du apirilaren 1ean, ostiralarekin, kultur etxean. 22:00etan izango da saioa, Korrika Kulturalaren programaren baitan, eta sarrerak eskuragai daude online zein kultur etxean, 5 euroan.
Datorren maiatzaren 14an, larunbatarekin, Balearen Eguna ospatuko da herrian. Aurtengoa berezia izango da, eta egitaraua prestatzeko, bilera irekia deitu dute Udaleko Kultura sailetik. Martxoaren 30ean, asteazkenarekin, egingo dute, 19:30ean Salatxo aretoan, eta herriko eragile eta elkarteei luzatu diete deialdia, herria festa-giroan murgiltzeko.
Urte amaieran publiko egin zuten Emakume eta gizonen arteko berdintasunerako II. diagnostikotik abiatuta eta martxoan herritarrekin egindako lan-saioaren ostean, Ahalduntze Eskolak Orioko Berdintasunerako II. Udal Plana aurkeztuko du martxoaren 29an, asteartearekin. Kultur etxean egingo dute saioa, 18:30ean.
Datorren apirilaren 4an, astelehenarekin, J.S. Bach-en Nekaldia San Mateoren arabera kontzertua eskainiko dute Il Giardellino Baroque Orchestrak, Vocalconsort Berlinek eta Easo Eskolaniak, Kursaal aretoan. Saiora joan nahi duten oriotarrek autobusa doan izango dute. Saioa 19:30ean hasiko da, eta Zumaiatik datorren autobusa 18:40an pasako da autobus-geltokitik.
Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioarekin elkarlanean, Orioren irisgarritasun-plan berria lantzen ari da Udala. Herritarren ekarpenak jasotzeko asmoz, bilera irekia deitu zuten martxoaren 31n, ostegunarekin, baina agenda arazoak tarteko, apirilaren 7ra atzeratu dute saioa. Kosta tailerrean egingo dute, eta gaian interesa duen edonori zabaldutako topaketa izango da, herriaren irisgarritasun unibertsala jomugan.
Euskaraldia azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da aurten, eta ostegun honetan, martxoak 24, bilera irekia izango da Salatxo aretoan, 18:30ean hasita, aurtengo edizioaren berezitasunak azaltzeko eta egitasmoa abiatzeko.
Bilera Euskaraldiko lantaldeak deitu du eta irekia da.
Denbora igaro ahala, dena aldatzen da: pertsonak aldatzen gara, herria aldatzen doa, eta honenbestez, Udala bera ere mudatzen joaten da. Herritarrongana iristeko, zuekin komunikatzeko eta harremana sendotzeko tresna berri baten beharra sentitu dugu Orioko Udalean, eta hauxe da gure marka berria, errioak zizelkatutako nortasunaren isla.
Hori baita Orio: marea bizian nabigatzen dakien herria.
Orioko itsas ondarean sakontzeko aukera izango da martxoaren 26an, larunbatarekin, turismo-bulegoak antolatutako bisita gidatuan. 11:00etan Pilliku plazatik aterako da, turismo-bulegoaren paretik, eta Kale Nagusian barrena, herriko historiaren pasarte esanguratsuenak azalduko ditu gidak ordubeteko saioan. Bisita doakoa izango da, baina aldez aurretik izena eman behar da.
Duela 20 urte, martxoaren 21ean, Orioko Gure Txoko tabernan ETAk Juan Priede Perez PSEko zinegotzia tiroz hil zuen. Orduan, alarguna eta hiru seme-alaben aita izanik, 69 urte zituen.
Orioko Udalak honek ez zuela inoiz gertatu behar uste du. Juan Priede Perezen familiari bere elkartasuna adierazi nahi dio.
Orioko Korrika batzordea urtarrilean hasi zen biltzen, aurtengo Korrikarekin lotutako jarduerak antolatzeko. Korrika batzordea eskualdeko AEK-k dinamizatzen du eta bertan parte hartzen dute Udalak eta herriko hainbat eragilek, kultura eta hezkuntza alorrekoak.
Korrika batzordeak zehaztuta utzi zuen azken bileran Korrika Kulturalaren aurtengo programa. Hau izango da:
Orioko Udalak saio irekia antolatu du, OinHerri Herri Hezitzaileak elkartea herritarrei aurkezteko. Aurkezpen hori datorren asteartean, martxoak 22, egingo du Udalak, Salatxo aretoan, 18:30ean.