Albisteak
Otsailaren 26an, larunbatarekin, ospatuko dira inauteriak herrian. Horretarako, musika protagonista duen egitaraua prestatu du Udalak, heldu zein haurrei zuzenduta:
Udaleko Euskara batzordea datozen 10 urteetarako euskara-plana lantzen ari da herriko eragileekin batera. Horretarako, lantaldeak osatu ditu eta gogoeta-prozesu zabal bat egin du azken hilabeteotan. Gogoeta-prozesu horri bukaera emateko, azken bilera egingo du datorren asteartean, otsailak 22, kultur etxean, 18:30ean hasita.
Pasa den abenduan oriotarrek etxean jaso zuten Errioa, gure nortasuna liburuxka, Biziberritze Planaren aterkipean, herriaren historia eta itsas ondarea biltzen dituen errelatoa. Aurkezpenetik harago, hitzaldi-sorta prestatu du Udaleko Turismo sailak, Oriok azken mendeetan izandako bilakaera alorrez alor aztertzeko; otsailetik martxora, bost hitzaldi izango dira Arraunetxen.
Orioko Arraun Elkarteak antolatuta, otsailaren 19an, larunbatarekin, egingo dute Oriaren Traineru Jaitsieraren aurtengo ekitaldia. 78 ontzik eman dute izena, eta 1024 arraunlari inguru hurbilduko dira zitara. 16:30ean abiatuko dira eta, ohi bezala, Orioko zubiaren parean izango dute helmuga.
Hosteltourrek kudeatutako Helmuga Iraunkorrak jarduera-programaren baitan, jasangarritasuna izango dute hizpide gaur, otsailak 18, Basquetour turismoaren euskal agentziaren aterkipean antolatutako online jardunaldian. Bertan parte hartzera gonbidatu dituzten hamabi euskal enpresen artean dago Orio Kanpina eta Begi Bistan.
Orioko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako sailak Zaintzailea zainduz laguntza- eta atseden-tailerrak antolatu ditu otsailetik abendura. Ikastaroen helburua zaintza-lanak egiten dituzten pertsonei atseden hartzeko eta kezkak partekatzeko gune bat eskaintzea da. Jardunaldiak otsailaren 28an abiatuko dituzte, eta izena emateko epea hilaren 24an, ostegunarekin, bukatuko da.
Joan den astean, otsailaren 12an eta 13an, egin zuten Andoaingo XVII. Piano Jaialdia, eta han izan ziren 570 pianisten artean, Danbolin Musika Eskolako 15 ikaslek hartu zuten parte bakarlari gisa. Haien lana, gainera, oso ongi baloratu zuen epaimahaiak, eta urrezko eta zilarrezko dominak jaso zituzten.
Herritarren eskaerari erantzunez eta sistema eguneratzeko asmoz, Udalak antolatutako ekitaldietarako sarrerak online erosteko aukera izango da aurrerantzean. Udalaren webgunetik egingo da lotura Entradium plataformara eta, urrats erraz batzuk jarraituta, sarrerak posta elektronikoan jasoko ditu erabiltzaileak.
Anuska Esnal Orioko alkateak eta plana garatu duen Kultur Atelier komunikazio-etxeko Oskia Yaben zuzendariak eta Iñigo Exposito proiektuaren arduradunak agerraldia egin zuten atzo, otsailak 10, Udaleko Turismo sailaren enkarguz osatutako Biziberritze Plana herritarrei aurkezteko. Arraunetxen izan zen saioa, eta entzuleen artean izan ziren proiektua garatzen parte hartu duten eragileak, eta baita oriotar ugari ere.
Maria Maestra haurreskolako eraikinari hainbat egokitzapen egin dizkio Udalak azken hiletan. Kanpoaldeko obrak bukatu dituzte jada, eta garbiketa lanekin ibili dira azken egunetan.
Urte berriarekin batera iragarri zuen Ahalduntze Eskolak, Udaleko Euskara Zerbitzuarekin batera, nokaren ezagutza eta erabilera sustatzeko asmoz, urteko lehen hiruhilekorako prestatutako ikastaroen egutegia. Deialdiak izandako erantzuna ikusirik, dena dela, saioen formatua aldatzea erabaki dute orain, eta egun hauetan egingo dute ikastaroa: otsailaren 18tik martxoaren 25era, ostiralero, 17:30etik aurrera.
Otsailaren 10etik 13ra, Andoaingo XVII. Piano Jaialdia egingo dute Bastero Kulturgunean, eta Danbolin Musika Eskolako 7 eta 15 urte arteko hamabost ikaslek hartuko dute parte ekimenean. Piano-bakarlari modalitatean ariko dira. Antolatzaileek, pandemiari lotutako protokoloa errespetatzeko beharra gogoratu nahi diete ikus-entzuleei, ohiko urduritasunen gainetik, segurtasunezko jai-giro atsegina bermatzeko.