Orioko Udalak, urtero bezala, hobariak edo bonifikazioak onartu ditu familia ugarientzat, Ondasun Higiezinen Zergari dagozkionak.
Interesatuek otsailaren 26a arteko epea dute hobari horiek eskatzeko udal-bulegoetan.
Udalak lan-mahai bat sortua du osasun-larrialdia kudeatzeko eta lan-mahai hori aldiro biltzen da udaletxean, egoeraren jarraipena egiteko eta hartu beharreko neurriak aztertzeko. Bizi dugun osasun-larrialdiaren kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren ardura da eta berari dagokio neurriak eta prozedurak aplikatzea; hala ere, Orioko osasun-egoera ikusita, joan den ostegunean, alkateak deituta, bilera egin zuen Orioko lan-mahaiak eta bertan Udalak Eusko Jaurlaritzaren dekretuak baino neurri zorrotzagoak hartzea erabaki zuen aho batez eta, ondorioz, udal-instalazio guztiak itxi zituen inolako salbuespenik gabe. Horrekin batera, Udalak elkarlanerako prestutasuna adierazi zion Osasun Sailari eta udal-baliabide guztiak beren esku jarri zituen, unean uneko beharren arabera erabili ahal izateko.
Ahalduntze Eskolak eta Udaleko Euskara Zerbitzuak ikastaroa antolatu dute elkarlanean, noka hitz egiten ikasi nahi dutenei edo dakitena hobetu nahi dutenei zuzendua. Noka emakumeei zuzendutako hizketa alokutiboaren, hikaren, aldaera da, emakumeek beren artean erabiltzen dutena edo gizonek emakume bati zuzentzerakoan erabiltzen dutena.
Bigarren aldia da ikastaroa antolatzen dela. Iaz ere egin zen eta arrakasta handia izan zuen, nahiz eta gero, pandemia zela eta, ez zen posible izan saio guztiak aurrez aurre egitea.
Ikastaroa ostiral arratsaldetan izango da. Guztira 5 saio izango dira, bina ordukoak, otsailaren 19an hasi eta martxoaren 26an bukatuta. 17:30etik 19:30era izango dira klaseak kultur etxean, osasun-egoerak eskatzen dituen segurtasun-neurri guztiak hartuta.
Kalean abandonatuta dauden jabe jakinik gabeko bizikletak erretiratuko ditu Udalak aste honetatik aurrera. Hasiera batean, oso hondatuta eta egoera kaskarrean dauden bizikletak erretiratuko ditu. Udaltzaingoak zigilu bat jarriko die aurrena bizikletei eta, inork ez baditu erreklamatzen, handik zazpi egunetara hondakin gisa tratatuko ditu.
Kaleak txukuntzea eta bizikletalekuetan tokia libratzea da helburua. Bizikletaleku batzuk beteta izaten dira sarri eta, askotan, dagoeneko erabiltzen ez diren bizikleta hondatuak daude bertan amarratuta, tokia okupatzen. Bizikleta horiek zirkulaziotik kenduko ditu Udalak.
Orioko Udalak, urtero bezala, hobariak edo bonifikazioak onartu ditu familia ugarientzat, Ondasun Higiezinen Zergari dagozkionak.
Interesatuek otsailaren 26a arteko epea dute hobari horiek eskatzeko udal-bulegoetan.
Udalak Karela kiroldegia eta gainerako udal-ekipamenduak hamabost egunez ixtea erabaki zuen ostegunean, pandemiaren egoeragatik.
Kiroldegia kudeatzen duen BPXport enpresak ohar hau kaleratu du, itxiera konpentsatzeko Udalarekin adostu dituen neurriak azaltzeko:
Udal Elkarteak arropa erabilia biltzeko zerbitzua indartuko du, 35 edukiontzi berri jarrita. Orioko edukiontzi zaharrak asteburu honetan kenduko ditu Udal Elkarteak eta datorren astean jarriko dira berriak. Asteburu honetan, beraz, ez da arroparako edukiontzirik egongo erabilgarri.