Noticias
Udal Elkarteak dirulaguntzak emango dizkie eskualdeko enpresei, eskualdeko langabeak kontratatzeko
Dirulaguntzak eskatzeko azken eguna datorren ostirala izango da, urtarrilak 29.
Urola Kostako Udal Elkarteak 291.000,00 euro emango ditu dirulaguntzatan. Eskualdeko enpresei bideratutako dirulaguntza da, kontratazio gastuei aurre egiteko. Dirulaguntza-lerro honen helburua eskualdeko langabeen kontratazioa erraztea da.
Orioko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak prentsaurrekoa eman du, urteko lehen jarduerak aurkezteko
Bertan izan dira Eider Goiburu eta Aizpea Esnaola, Ahalduntze Eskolakoak, eta Anuska Esnal alkatea eta Maite Ortiz gizarte-laguntzailea, Udalaren aldetik.
Aizpeak eta Eiderrek gogorarazi dutenez, 2019an sortu zen Ahalduntze Eskolaren proiektua: aurrena herriko emakumeen beharren diagnostikoa egin zuten eta, ondoren, Ahalduntze Eskola jarri zuten martxan, 2020an.
Hasieran proiektu txikia zen eta, batez ere, erreferentziazko toki bat sortu nahi zuten herriko emakumeentzat, eta prestakuntza-ikastaroak eta ekintzak antolatu. Ekimenak, ordea, arrakasta handia izan du eta, pixkanaka, aldatu ere egin da: herrian gertatzen diren indarkeria matxisten kasuak agertzeko toki bat bihurtu da hainbat herritarrentzat eta horiek bideratzeko laguntza eman dute Eiderrek eta Aizpeak. Ahalduntze Eskolak, beraz, beste dimentsio bat hartu du, hasieran aurreikusitakoa baino handiagoa.
Orio «zona gorrian» sartu da, COVID-19aren intzidentzia-tasak 500etik gora eginda
COVID-19aren Orioko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak 500eko langa pasatu du gaur eta, ondorioz, herria «zona gorrian» sartu da.
Hori dela-eta, Eusko Jaurlaritzak zona gorrirako ezarritako neurri murriztaileak aplikatuko dira bihartik aurrera. Hauek dira, nagusiki, aplikatuko diren neurriak:
- Herriaren perimetroa itxi egingo da
- Ostalaritza itxi egingo da
- Taldekako kirolik ez
Jon Gurrutxaga eta Urbil Artolaren kontzertua izango da Arraunetxen urtarrilaren 29an
Jon Gurrtxaga eta Urbil Artola musikariek kontzertua emango dute Orion urtarrilaren 29an, ostiralarekin, «Kateak» diskoa aurkezteko. Ekitaldia 19:00etan izango da, Arraunetxeko aretoan.
Kontzerturako sarrerak aldez aurretik hartu behar dira, 2 euro ordainduta. Aforo-mugak direla-eta, 70 sarrera daude saltzeko eta astelehen arratsaldetik aurrera erosi ahal izango dira kultur etxean. Pertsona bakoitzak bi sarrera erosi ditzake, gehienez.
Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak argitaratu du «Kateak» diskoa. Gospela, bluesa, folka eta pop-rockaren eragina modu oso pertsonalean azaleratu du Gurrutxagak lan berrian eta, zuzeneko emanaldietan, Urbil Artolararekin batera ari da jotzen.
Zaragueta eskolak eta Herri Ikastolak urtarrilaren 16an egingo dute ate irekietako eguna, aurtengo matrikulazio-kanpainaren barruan
2021-01-16
Goizez
Zaragueta eskolan eta Herri Ikastolan
Datorren larunbat goizean, urtarrilak 16, egingo dute ate irekietako eguna Zaragueta Herri Eskolan eta Orioko Herri Ikastolan.
Haurrak datorren ikasturterako matrikulatzeko epea bi astekoa izango da, urtarrilaren 18tik 29ra.
«Euskaraz Gazte» literatur lehiaketan saritutako lanak argitaratu ditu Udalak
Udalak argitaratu berri ditu 2020ko «Euskaraz Gazte» literatur lehiaketan saritutako lanak. KARKARA aldizkariaren urtarrileko zenbakiarekin batera argitaratu ditu, gehigarri berezi batean, eta Orioko eta Aiako etxe guztietara banatu da.
Ondoko estekan ere irakurri daiteke lan sarituen gehigarria:
Euskaraz Gazte literatur lehiaketa 2020. Saritutako lanak (PDF)