Noticias
Liburutegiak Whatsapp bidezko zerbitzua ere emango du hemendik aurrera
Udal-liburutegiak Whatsapp bidez ere emango die zerbitzua erabiltzaileei aurrerantzean. Hemendik aurrera, beraz, Whatsappez ere egin ahal izango dira lehen telefonoz edo posta elektronikoz egiten ziren tramite eta eskaera guztiak: liburuei buruzko kontsultak, galderak, erreserbak…
Zerbitzu berri hau baliatu nahi dutenek telefono-zenbaki hau erabili behar dute: 608 284 168
Janaria eramateko zerbitzua eskaintzen duten establezimenduen zerrenda osatu du Udal Elkarteak
Urola Kostako Udal Elkarteak hainbat ekimen jarri ditu martxan, ostalaritza-sektorea babesteko, eta horietako bat da hau: etxera janaria eramaten duten edo establezimenduan bertan jasotzeko aukera ematen duten eskualdeko establezimenduen zerrenda osatu du, herritarren eskura jartzeko.
Ekimenaren helburua da herritarrei herriz herriko eskaintzaren berri ematea eta bertako kontsumoa bultzatzea.
Hemen ikusi daiteke janaria eramateko zerbitzua eskaintzen duten establezimenduen zerrenda.
San Nikolas eguna dela eta, zuhurtziaz jokatzeko deia egin du Udalak banderak balkoian jartzerakoan
Jakina denez, COVID-19ak sortutako osasun-krisia dela-eta, Udalak ez du aurten San Nikolas jaietako programarik antolatu, arduragatik eta herritarren segurtasuna zaintzeagatik.
Nolanahi ere, argazkian ikusten den bezala, Udalak herriko bandera eta ikurrina zintzilikatu ditu gaur goizean udaletxeko balkoian, urtero bezala, herritarrei San Nikolas eguna dela gogorarazteko.
Abenduaren 3an, Euskararen Egunarekin, banatu ziren aurtengo EUSKARAZ GAZTE literatur sariak
Sari-banaketa kultur etxearen areto nagusian egin zen, abenduaren 3ko 19:00etan hasita, eta bertan izan ziren Udalaren ordezkariak, sarituekin eta epaimahaikideekin batera. Sariak banatzen Anuska Esnal alkatea eta Euskara batzordeko zinegotziak aritu ziren.
Lehiaketaren epaimahaia honako hauek osatu dute aurten: Eli Manterolak, Karkara aldizkariaren izenean; Eli Lasa, Aiako Udaleko kultur teknikariak; eta Jabier Zabaleta, Orioko Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikariak.
Zetak taldearen kontzertua izango da kiroldegian abenduaren 19an
2020-12-19
19:00
Karela kiroldegia
Orioko Udala
Pello Reparaz musikari nafarra buru duen Zetak taldeak kontzertua emango du Orion abenduaren 19an, larunbatarekin. Kontzertua 19:00etan izango da, Karela kiroldegian.
Sarrerak aldez aurretik hartu behar dira, 10 euro ordainduta. Aforo-mugak direla-eta, 220 sarrera baizik ez daude saltzeko eta asteazken arratsaldetik aurrera erosi daitezke kultur etxean. Pertsona bakoitzak bi sarrera erosi ditzake, gehienez.
Joan den astelehenaz geroztik, derrigorrezkoa da txartela erabiltzea organikoaren eta errefusaren edukiontziak irekitzeko
Herritarrei gogorarazten zaie hondakin bakoitza dagokion edukiontzian utzi behar dela eta erabat debekatuta dagoela hondakin-poltsak edukiontzien kanpoaldeetan uztea, argazkian ikusten den bezala.
Udal Elkarteak edukiontziak irekitzea erabaki zuen martxoan, COVID-19ari aurre egiteko neurrien artean. Urrian, berriz, egoera berriz aztertu eta hondakinak biltzeko zerbitzua berrantolatzen hasi zen Udal Elkartea eta, horren ondorioz, organikoaren eta errefusaren edukiontziak berriro itxi eta, lehen bezala, txartel bidez irekitzeko moduan uztea erabaki du.