Ostiralean emango zaio hasiera Bisiguaren Festari, herritar askoren parte-hartzearekin

Traducción automática al castellano

Aurtengo Bisiguaren Festa ostiralean hasiko da eta igandera arte luzatuko da. Festari hasiera emateko ekitaldia Herriko Plazan egingo da ostiral arratsaldean, 20:00etan, eta, urtero bezala, herriko talde eta lagun ugarik parte hartuko du bertan.

Pello eta Nikolasa erraldoiak plazan izango dira ekitaldirako eta, berekin batera, baita Salatxo abesbatza eta Harribil dantza taldea ere, festa kantuz eta dantzaz hasteko. Herriko parrilleroak ere bertan izango dira eta udaleko ordezkariak ere bai. Bisiguaren Laguna izeneko omenezko saria Ana Mari Manzisidor eta Martxelo Manzisidor zenarentzat izango da, bi anai-arrebek beharrean egokitu direnen alde horrenbeste urtetan musu-truk egindako lanagatik.

Aimar Galarragaren harri-jasotze saioa

Programan ez bazegoen ere, ekitaldiaren barruan, Aimar Galarraga harri-jasotzaile oriotarrak harri-jasotze erakustaldia egingo du. Aimarren familiak harreman handia du manzisidortarrekin eta, hori dela-eta, Aimarrek ekitaldian parte hartu nahi izan du, omenaldiari bere alea gehitzeko.

Parrillak piztearekin batera, Petritegi sagardoa dastatzeko aukera izango da eta, ondoren, 21:00etan, Bisiguaren Festako lehenbiziko afariari ekingo zaio.

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar su navegación y realizar labores analíticas. Al continuar navegando entendemos que acepta nuestra política de cookies.