Sanikolasak pasa eta gero hasiko dira Aita Lertxundi kaleko obrak

Traducción automática al castellano

Udalak Aita Lertxundi kalea eraberritzeko lanen I. faseari ekingo dio San Nikolas jaiak bukatutakoan, abenduaren 9ko astean.

Obrari buruzko azalpenak eman dituzte gaur goizean Ainara Munduate Hirigintza batzordeko buruak eta Pilar Azurmendi udal-arkitektoak.

Aita Lertxundi, egoera txarrean

Aita Lertxundi kalea egoera txarrean dago gaur egun, 22 eta 28 zenbakien artean:

  • Espaloiak 40 urte inguru ditu eta hondatuta dago. Gainera, argazkian ikusten den bezala, oso estua da.
  • Aita Lertxundi 22-28ko gainazala baldosa hidraulikokoa da eta oso-oso gastatuta dago. Horren ondorioz, labaina da batzuetan.
  • N-634 errepidea ondotik pasatzen denez, errepidetako argiteria dago inguru horretan, eta hori ere zaharkitua dago.
  • Saneamenduaren egoera ere kaxkarra da: Dikeko aldapa arte euri-urak eta ur zikinak bereizita jasotzen dira; Dikeko aldapatik Aritzaga kalera, ordea, ez. Tarte horretan saneamendua bereizteko lanak egin behar dira. Era horretara, Zarautzera ponpatzen den eta araztu behar den ur-kantitatea gutxitu egingo da eta usainak eta bestelako arazoak ere saihestuko dira.
  • Irisgarritasun-arazoak daude, bereziki Aita lertxundi 22-28ko espaloian. Espaloi horrek 1,50 m eskas ditu zabalean. Pasaera estua izateaz gain, gainazalaren egoera txarrak arriskua sortzen du.

aitalertxundiBI19

Antolamendu berria

Aita Lertxundi 22-28 pareko aparkalekuak kentzea proposatzen da obra-proiektuan, autobusaren geltokia pixka bat estutzea eta, beraz, espaloia zabaltzea. Horretarako, kalearen beste aldeko karga eta deskarga eremua hobeto antolatu behar da eta han irabaziko dira parean galtzen diren aparkalekuak.

Dikeko aldapatik hasi eta Aritzaga kalea arteko espaloi guztia berritu eta zabalduko da.

Horrez gain, argiteria berria jarriko da, errepideari baino gehiago bertako bizilagunei eta komertzioei lehentasuna emango dion egitura urbanoa sortzeko. Errepide-motako argiteria kendu eta kale-argia jarriko da 3,2 m-ko altuerako 55 w-ko argi-zutabeen bidez.

Espaloia altxatu eta berrituko dela aprobetxatuz, lurpeko azpiegitura guztiak berrituko dira. Espaloiak Donosti motako baldosa hidraulikoaz amaituko dira, herriko gainontzeko kaleen antzera.

Horrez gain, zabaldutako espaloietan esertzeko bankuak eta apaintzeko jardinerak jarriko dira.

aitalertxundiLAU19

Obraren egutegia

Obra 3 fasetan egitea aurreikusten da. Obra, lehen fasean, Dikeko aldapan hasiko da eta Aita Lertxundi 24 zenbakira arte hartuko du. Bigarren fasean Aita lertxundi 26tik 30era bitarteko zatia egingo da eta, azkenik, Aita Lertxundi 32tik Aritzaga kaleko mugarainoko zatia.

Fase bakoitzak hilabete inguru iraungo du; beraz, obrak, osotasunean, 3 hilabeteko iraupena izango du.

Aurrekontua

Obraren aurrekontua 182.678,60 eurokoa da (BEZa barne).

Udalak 23.000 euroko dirulaguntza jaso du Eusko Jaurlaritzako Hirigune biziberritze komertziala programaren barruan eta beste 56.000 euro, Jaurlaritzaren Itsaspen programatik.

Obrak lehiaketa publiko bidez adjudikatu dira eta Altuna y Uria enpresak egingo ditu.

Moilako obra

Moilako obra ez da Udalaren eskumenekoa, baina denboran batera tokatuko da Herriko Plazakoarekin eta Aita Lertxundikoarekin. Moilakoa obra konplexua da eta, dena ondo bidean, zortzi-bederatzi hilabete inguru luzatuko da.

Ainara Munduatek adierazi du datozen hilabeteak zailak izango direla eta pazientzia eskatu die herritarrei sortuko diren eragozpenen aurrean.

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar su navegación y realizar labores analíticas. Al continuar navegando entendemos que acepta nuestra política de cookies.