Kultur etxean eta turismo-bulegoan daude salgai BIGA proiektuko CDa eta DVDa

Orioko Udalak bultzatu du BIGA proiektua, Getaria, Pasaia eta Hondarribiko udalekin batera. Gipuzkoako kostaldeko itsas kantak biltzea izan da proiektuaren helburua eta, ondoren, kanta horiek herrietako abesbatzek kantatu eta grabatzea.

2017an abiatu zen egitasmoa eta 2018ko maiatzaren bukaeran egin ziren grabazioak herrietan.

Axular Arizmendi mutrikuarrak koordinatu ditu lanak eta Mutrikun daukan AME estudioan editatu ditu bai grabazioak eta bai bideo-erreportajea.

Orioko hiru kanta

Guztira 12 kanta biltzen ditu CDak, herri bakoitzeko hiru. Orioko hiru kanta hauek daude grabazioan:

  • Balearen bertsoak
  • Bertso txiki bat
  • Arrantza

Orioko kantak grabatzen Salatxo abesbatza, Danbolin musika-eskolako abesbatza eta haurrak ibili dira.

CDarekin batera DVD bat ere grabatu da, kostaldeko kantu-ondarearei buruzko erreportaje bat jasotzen duena. Santi Manterola eta Imanol Urkizu oriotarrak agertzen dira erreportaje horretan, besteak beste.

Kultur etxean eta turismo-bulegoan salgai

CDa eta DVDa 10 euroan daude salgai kultur etxean eta turismo-bulegoan. Erosi nahi dutenek bertara jo besterik ez dute.

Eman izena Mintzalagun programan!

Euskaraldia pasatu berri da eta herritar batzuek aldatu dituzte beren hizkuntza-ohiturak. Ondorioz, euskaraz gehiago hitz egiten dute orain; zenbaitetan, ordea, lotsa galdu eta hitz egitera animatu den horrek ez du inguru euskaldunik eta, beraz, nekeza egiten zaio euskaraz bizitzea.

Mintzalagun programa, euskara praktikatzeko

Zailtasun horri aurre egiteko sortu zen Mintzalagun egitasmoa, euskara praktikatu nahi duenak, astean behin, mintzatzeko aukera izateko. Hortaz, bultzadatxo hori behar duena baldin bazara edo inguruan behar hori duen inor ezagutzen baduzu, joan Orioko AEK euskaltegira eta eman izena Mintzalagun programan. Era horretan, astean behin, lagun-talde txikian elkartu eta ordubetez euskara praktikatu ahal izango duzu doan.

Euskaraz ondo egiten baduzu eta praktikatu nahi dutenei lagundu nahi badiezu ere eman dezakezu izena. Astean ordubete dedikatu beharko diozu, besterik ez, eta erraz eta atsegina da.

Izen-ematea

Izena eman nahi baduzu, Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo. helbidera idatzi, 625 485 215 telefonora deitu edo eskualdeko euskaltegiren batean galdetu. 

Ireki da “Harakintza eta Haragikien elaborazioa” ikastaroan izena emateko epea

Urola Kostako Udal Elkartearen eskutik, “Harakintza eta Haragikien elaborazioa” 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiria eskuratzeko aukera izango dute eskualdeko langabeek. Urtarrilaren amaieran hasita, guztira, 5 hilabeteko prestakuntza jasoko dute harakintza-industrian murgildu nahi duten langabeek. Ikastaroa erabat doan izango da.

Ikastaroan parte hartzen dutenek hainbat gaitasun eta konpetentzia landuko dituzte. Alde batetik, haragia balioesteko eta zatitzeko, eta haragi-produktuak eta haragi-prestakinak prestatu eta elaboratzeko eragiketak egiten ikasiko dute. Bestetik, indarrean dagoen araudi tekniko-sanitarioa betetzeko eman beharreko urratsak ezagutuko dituzte. Azkenik, enpresa txiki batean haragi-produktuak merkaturatzeko gaitasunak barneratuko dituzte.

Aurreikusitako daten arabera, urtarrilaren amaieran hasi eta 5 hilabeteko iraupena izango du prestakuntzak. Guztira, 430 orduko prestakuntza-ziurtagiria eskainiko da. Ikastaroa gazteleraz egingo da eta doan izango da. Eskolak URKAIKO baserritarren kooperatibak Zestoan duen egoitza nagusian izango dira: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:00etara.

Argibideak eta izen-ematea

Izena eman edota informazio gehiago jasotzeko, idatzi e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:

  • Urola Kostako Udal Elkartea, Enplegu Zerbitzuak (Olaia Sainz)
  • Urdaneta bidea 6 (Abendaño industrialdea), 20800 Zarautz
  • Tel. 943890808
  • Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo.

 

Udalak eta Arkupe elkarteak elkarlanean sustatu nahi dute herriko merkataritza

Orioko Udalak eta Arkupe merkatari, ostalari eta profesionalen elkarteak elkarlana indartuko dute, herriko merkataritzari planteatzen zaizkion erronkei modu bateratu eta koordinatuan erantzuteko.

Elkarlan horren barruan marka bateratu bat sortu dute ’Orion bixi’ izenpean (ikusi beheko irudian) eta marka hori erabiliko dute aurrerantzean, herriko merkataritza suspertzeko egiten dituzten jarduera guztietan.

Atun-sarda sotoetako fatxadan

Marka berriaren aurreneko agerraldia joan den astean izan zen, Udalak eta Arkupek Eusko Gudari kalearen hasierako atun-sardaren eskultura aurkeztu zutenean. Eskultura Jokin Eizagirre usurbildarrak egin du eta 10 atun irudikatzen ditu, sardan, Eusko Gudari kale aldera igerian doazenak. Xixario erretegiaren aurre-aurrean kokatuta dago eskultura, kalea hasten den tokian, eta garai batean arrantzaleen sotoak izandako eraikinaren fatxadan dago jarrita.

Jokin Eizagirre eskultoreak zenbait proposamen landu zituen eta Arkuperi atun-sardarena gustatu zitzaion gehien. Udalak ere ontzat eman zuen eta abenduaren 20an egin zen horren instalazioa.
Eskultura atun-latez osatuta dago eta, ikusgarriago egiteko, argiak eta soinu-efektuak izan ditu aurreneko egunetan. Arrain bakoitzak 3 metroko luzera du eta hamar arrain dira guztira, sarda bat osatuz. Egileak atun-sardaren irudia aukeratu du, batetik, oso ondo uztartzen delako herriaren marinel izaerarekin; eta, bestetik, ederki irudikatzen duelako merkatariek eta Udalak lortu nahi dutena: guztiek batera igeri egitea, sardan, helburura iristeko.

Gabonak aurretik jarri bada ere, ez da opor-garairako prestatutako eskultura, baizik-eta urte osoan bertan egongo dena.

Eskultura egin eta instalatzearen kostua, guztira, 15.900 eurokoa izan da, eta Udalak 12.000 euroko diru-laguntza jaso du horretarako.

Hirigune programaren diru-laguntza

Eskultura jartzeko, Hirigune izeneko programaren diru-laguntza deialdia baliatu du Udalak. Eusko Jaurlaritzak kale komertzialak apaintzeko ematen duen diru-laguntza lerro bat da Hirigune programa, eta aurreko urtetan ere eskatu izan du Udalak (diru-laguntza horren bidez apaindu ziren, esaterako, orain dela urte batzuk, Eusko Gudari kalearen eta Arrantzale kalearen arteko bi tunelak).

2019rako Aita Lertxundi kaleko espaloiak-eta berritzeko lanak egin nahi ditu Udalak, Hirigune programaren laguntza horiek baliatuz.

OrionBixiTXIKIA

Larunbatean iritsiko dira Bizarzuri eta Erregeak

Orioko Udalak, herriko hainbat eragileren laguntzarekin, behar bezalako harrera prestatu die Bizarzuriri eta Ekialdeko Erregeei urtarrilaren 5ean, larunbatarekin.

Bizarzuri goizean ibiliko da herrian barrena

Bizarzuri goizeko 10:00ak aldera bilduko da Anibarko Portuko umeekin eta, ondoren, herrian barrena ibiliko da, hainbat geldialdi eginez, umeen gutunak jasotzeko.

Erregeak arratsaldez iritsiko dira

Ekialdeko Erregeak, berriz, 18:00etan iritsiko dira trenez eta, handik, Herriko Plazara joko dute. Ondoren, Eusko Gudari kaletik joango dira, errotondaraino, eta, gero, Arrantzale eta Balea kaleetatik barrena, kiroldegira iritsiko dira.

Trafiko-mozketak

Bizarzuriren eta Erregeen ibilaldiak direla-eta, bidea moztuko da hainbat momentutan bai goizean eta bai arratsaldean.

Antolatzaileek barkamena eskatzen dute, aldez aurretik, sortu daitezkeen eragozpenengatik.

Osasun-zentroko atea berritu du Udalak eta Eguneko zentroko kanpoko eremua zabaldu

Orioko Udalak osasun-zentroko eraikinaren atea berritu du, irisgarritasuna hobetzeko. Sarrerako ate zaharra kendu eta, batetik, ate automatiko berria instalatu du; eta, bestetik, segurtasuneko pertsiana jarri du. Atea Erreka enpresak jarri du eta egindako lan guztien kostua (atea, pertsiana eta elektrizitate-lanak) 8.250 eurokoa izan da, BEZa barne.

Eguneko zentroko kanpoko eremua handitu du Udalak

Horrez gain, Orioko Udalak zenbait egokitzapen egin ditu eraikinaren kanpoko aldean, Eguneko zentroko erabiltzaileek eremu hori aprobetxatu ahal izan dezaten. Belardiaren eremua txikiagoa izango da orain eta irabazitako lekua irisgarria izango da. Dagoeneko oso aurreratuta daude lanak eta aste honetan bertan bukatuko dira, barandaren faltan (eremu osoa baranda batez inguratuko da, bertako erabiltzaileen segurtasunerako).

Lanak Aizperro igeltserotza-enpresak egin ditu eta 24.600 euroko kostua izan dute, BEZa barne.

Hobekuntzak helduen ile-apaindegian

Eraikin berean kokatuta dagoen helduentzako udal ile-apaindegian, bestalde, hobekuntzak egingo ditu Udalak zenbait ekipamendutan (gortinak, armairuak…). 650 euro bideratuko dira horretara.

anbulatorioaBI18

Ostiralean bukatuko da enplegua sustatzeko diru-laguntzak eskatzeko epea

Enpleguaren sustapenera bideratutako diru-laguntza lerroan eskabideak aurkezteko epea hurrengo ostiralean, abenduaren 28an, amaituko da.

Hona hemen deialdiaren diru-laguntza lerroaren ezaugarriak, laburbilduta:

Enpleguaren sustapena (115.000,00 euro gorde dira lerro honetarako): langabeak kontratatzeko diru-laguntzak dira. Bi programa ditu diru-laguntza lerro honek:

Prestakuntza Bonoaren programa:

Berrikuntza aurreratuan ikastaroa egin eta bonoa eskuratu duenen bat kontratatuz gero, diru-laguntza zuzenean eskuratuko du enpresak.

Bonoa eskuratu dutenen perfilak ikusgai daude ondorengo blog-ean: https://berrikuntzarakotre4.wixsite.com/bt2018 

Diruz lagundutako kontratua izango da, gutxienez, 6 hilabetekoa, eta kontratuaren alta datak izan behar du 2018koa.

Kontratazioa+Jarraipena programa:

Kontratuak 6 hilabetekoa izan behar du gutxienez (lanaldi erdikoa edo lanaldi osokoa). Kontratu mugagabeek diru-laguntza handiagoa jasoko dute.

Kontratatzen den pertsonak langabezia egoeran egon behar du diruz lagundutako kontratua egiten den unean.

INFORMAZIO GEHIAGO

Deialdia, oinarriak eta eskabidea egiteko eredua eskura daude Udal Elkartearen webgunean: http://www.urolakosta.eus/eu/diru-laguntzak

Argibideak jasotzeko jarri harremanetan:

Urola Kostako Udal Elkartea, Enpresentzako Zerbitzuak

Tel. 943 890808

Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo.

 

Egun hauetan banatuko dira Orioko postontzietan Udalak argitaratutako patrikako egutegia eta UEMAren berripapera

Udalak patrikako egutegia argitaratu du aurten ere eta egun hauetan banatuko da herriko postontzi guztietara. Egutegia tamaina txikikoa da, karteran erabiltzeko modukoa, eta herriko telefono-agenda bat ere badakar, herritarrentzat baliagarria izan daitekeena.

Udalak 2.500 ale argitaratu ditu eta etxe guztietara iritsiko da ale bat. Norbaitek beste aleren bat nahi badu, udaletxean edo kultur etxean eskatu besterik ez dauka.

UEMAren berripapera

Egutegiarekin batera banatzen ari da, baita ere, UEMA (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) argitaratutako abenduko berripapera. Zortzi orrialdeko berripapera da, UEMAk argitaratu duen 48.a, eta mankomunitatea osatzen duten herri guztietan banatuko da. Guztira, 100.000 aletik gora zabalduko dira Euskal Herriko txokorik euskaldunenetan.

2018ko abenduko zenbaki honetan udalerri euskaldunen prebentziotik garapenerako urratsen inguruko hausnarketa eta jardunaldia da gai nagusia. Horrekin batera, udalerri euskaldunetako osasun zerbitzu publikoetako langileen hizkuntza gaitasunaren inguruko azterketa, gazteentzako hezkuntza proiektua edota Euskaraldia ere hizpide da aldizkariaren 8 orrialdeetan barrena, azken hilabeteotako beste hainbat konturi buruzko albisteekin batera.

Deskargatu hemen Berripaperaren PDFa

Berripapera48

Udalbatzarrak ezohiko bilkura egingo du ostegunean, abenduak 27

Bilkura udalbatzarraren aretoan izango da, udaletxean, eta 19:30ean hasiko da. Gai hauek aztertuko dira:

1.- Irakurri eta onartzea, egoki bada, udalbatzarraren akta hauen zirriborroak: 2018ko uztailaren 24ko eta azaroaren 13ko ezohiko bilkuretakoak eta 2018ko urriaren 30eko ohiko bilkurakoa.

2.- Abenduaren 19ko 599/2018 alkate-dekretuaren berri ematea. Dekretu horren bidez 7/2018 zenbakidun kreditua aldatzeko espedientea onartzen da, kreditua transferitzeko modalitatean.

3.- Abenduaren 19ko 600/2018 alkate-dekretuaren berri ematea. Dekretu horren bidez 8/2018 zenbakidun kreditua aldatzeko espedientea onartzen da, kreditu gehigarrien modalitatean.

4.- Onartzea, egoki bada, kontratazio-espedienteen kontratazio-mahaiaren osaketa, kontratazio-organoa udalbatzarra denean.

5.- Onartzea, egoki bada, Javier Regalado Herrero arkitektoak idatzitako Orioko udalerriko irisgarritasun-planaren berrazterketa puntuala.

6.- Onartzea, egoki bada, Orioko Udalaren euskararen erabilera-plana, 2018-2022 aldirako.

7.- Behin betikoz onartzea, egoki bada, Dikeko Kontzertazio Batzordeak, Orioko Arrantzaleen Kofradiak eta Orioko Udalak sinatuko duten plangintza eta kudeaketako hitzarmen urbanistikoa.

8.- Baimena ematea, egoki bada, Orioko udalerriko kale-garbiketa kontratuaren lagapena egiteko FCC Medio Ambiente SA enpresaren alde, FCC, SA enpresa adjudikaziodunak eskatu duen bezala.

BIGA proiektuko CDa eta DVDa salgai daude Turismo bulegoan, 10 euroan

Orioko Udalak bultzatu du BIGA proiektua, Getaria, Pasaia eta Hondarribiko udalekin batera. Gipuzkoako kostaldeko itsas kantak biltzea izan da proiektuaren helburua eta, ondoren, kanta horiek herrietako abesbatzek kantatu eta grabatzea.

2017an abiatu zen egitasmoa eta aurtengo maiatzaren bukaeran egin ziren grabazioak herrietan.

Axular Arizmendi mutrikuarrak koordinatu ditu lanak eta Mutrikun daukan AME estudioan editatu ditu bai grabazioak eta bai bideo-erreportajea.

Orioko hiru kanta

Guztira 12 kanta biltzen ditu CDak, herri bakoitzeko hiru. Orioko hiru kanta hauek daude grabazioan:

  • Balearen bertsoak
  • Bertso txiki bat
  • Arrantza

Orioko kantak grabatzen Salatxo abesbatza, Danbolin musika-eskolako abesbatza eta haurrak ibili dira.

CDarekin batera DVD bat ere grabatu da, kostaldeko kantu-ondarearei buruzko erreportaje bat jasotzen duena. Santi Manterola eta Imanol Urkizu oriotarrak agertzen dira erreportaje horretan, besteak beste.

Turismo bulegoan salgai

CDa eta DVDa 10 euroan daude salgai Turismo bulegoan, eta opari egokia izan daiteke egun hauetarako.

Behin Gabonak bukatuta, urtarrilaren 7tik aurrera, kultur etxean ere erosi ahal izango da.

Zorionak eta urte berri on!

Udalak urtero egiten du Gabonetako postal bat, herritarrei eta kanpoko lagunei Gabonak eta urte berria zoriontzeko. Berez, herritik kanpo, zaharren egoitzetan, bizi diren oriotarrei emateko prestatzen du postala, Gizarte Ongizate batzordearen ekimenez; baina, gero, erabilera gehiago ere ematen dizkio.

Aurtengo postala egiteko irudia Iban Egiguren argazkilari oriotarrak utzi digu eta eskertzen diogu. Otsaileko elurtean ateratakoa da.

Postalaren aitzakiaz Gabon jai ederrak opa dizkizuegu guztioi. Urte berri on!

Udalak argiteria publiko osoa berrituko du datozen bi urteotan, LED erako argiak jarrita

Lan hori egiteko, Orioko Udalak 250.000 euroko diru-laguntza jasoko du IDAE-FEDER Europar funtsetatik.

Udalak 500.000 euroko inbertsioa egingo du argiteria publiko osoa aldatzeko eta, beraz, kopuru horren erdia jasoko du diru-laguntzatan.

LED erako argiak jartzeaz gain, argiteria erregulatzeko sistema berriak instalatuko dira eta horrek aurrezpen handia ekarriko du elektrizitate-kontsumoan. Behin instalazioa bukatuta dagoenean, kontsumoa %80 gutxituko da eta, ondorioz, Udalak aurreikusten du 55.000 euro aurreztuko dituela urtero elektrizitatean.

Udalak jaso duen diru-laguntzaren baldintzen arabera, 2019 eta 2020 artean bukatu beharko ditu argiteria berritzeko lanak.