«Urola Kosta: itsas-lurra» sustapen-kanpaina Frantziara hedatu du Udal Elkarteak

Turismo jasangarria sustatzeko helburuarekin sortutako kanpainak pasa den astean ekin zion ibilbideari Gipuzkoa, Euskal Herria, Errioxa, Kantabria, Madril eta Kataluniako lurretara iritsiz. Gaur Orion egindako agerraldian, Udal Elkarteak adierazi du kanpaina Frantziara hedatu dutela.

Kanpainan Urola Kostako turismo-aukerak promozionatzen dira, Aia, Zarautz, Zumaia, Orio eta Getariaren ezaugarri bereizgarriak kontuan izanda, baina identitate bateratu bat sortuz. COVID-19ak eragindako krisiaren aurrean jarduera ekonomikoa dinamizatzea du helburu, betiere segurtasun- eta prebentzio-neurriak betez.

Alkateak igandeko estropadetara ez etortzeko deia egin die herritarrei

Igande eguerdian Orion jokatuko diren estropadak direla eta, oharra argitaratu du Anuska Esnal Oliden alkateak, herritarrei eskatuz Oriora ez etortzeko eta estropadak telebistaz ikusteko.

Honela dio oharrak:

COVID-19ak guztiz baldintzatu du gure egunerokoa azken hilabeteotan eta, pandemiari aurre egiteko ahalegin handia egin dugun arren, oraindik ez dugu egoera gainditu. Gure eskualdean, gainera, kezkatzeko motiboak baditugu azken egunotan gaixotasunak egin duen eboluzioarekin eta, horrenbestez, arduraz jokatzeko unea da.

Bertatik bertarako ikuslerik gabe jokatuko dira igandean «Orio Kanpina» banderak

Igandean, uztailak 19, Orioko 30. estropadak jokatuko dira Orioko uretan, eguerdi inguruan. Estropada-eremua aurreko bi urteetako bera izango da: Orioko kanpoko espigoiaren aurretik abiatu eta Mollarri aldera.

Euskotren ligako estropada jokatuko dute neskek aurrena, 11:40ean hasita: 8. ORIO KANPINA bandera.

Ondoren, Eusko Label ligako estropada jokatuko dute mutilek: ORIOKO 30. ESTROPADAK. 8. ORIO KANPINA bandera.

Ostiral goizean itxita izango da moilako bidea, obragatik

Herriko sarrera-irteerak, beraz, Txanka-hondartzako bidetik egin beharko dira 08:00etatik 13:00etara.

Bizkarreneko etxearen atzeko edukiontziak lur azpikoak izango dira aurrerantzean eta horiek instalatuko dituzte uztailaren 17an, ostiralarekin. Lana egiteko ordu batzuk beharko dituzte eta, bitartean, moilako zirkulazioa itxi egingo da bi norabideetan. Lanak goizeko zortzietan hasiko dira eta bukatu orduko irekiko da berriz moilako bidea, beranduenez 13:00etan, ezeren konplikaziorik ez bada.

Barkatu eragozpenak.

Beste bi ikastaro antolatu ditu Udal Elkarteak, lan bila ari direnentzat

Langabe nahiz langileen bideratutako 14 ikastaroko prestakuntza-zikloa eskaini du Urola Kostako Udal Elkarteak ekainean. Ekimenak harrera ona izan du eta jendearen eskaerari erantzunez, bi ikastaro gehiago antolatu ditu, uztailean:

  • Linkedin sare sozial profesionalari buruzkoa
  • Kanban sistemari buruzkoa

Udalak gogorarazten du baimendu gabeko ibilgailuek galarazita dutela Itxaspeko bidean ibiltzea

Segurtasunagatik hartu zuen erabakia Udalak, bidea oso estua delako eta ibilgailuen zirkulazio libreak arriskua sortzen duelako, bai oinez dabiltzan herritarrentzat eta baita gidarientzat ere. Alde batetik, bidearen estutasunak arazoak sortzen ditu hainbat puntutan bi ibilgailu gurutzatzeko eta, bestetik, oinezkoek asko erabiltzen duten bidea denez, arrisku-egoerak sortzen dira ibilgailuek eta oinezkoek topo egiten dutenean, bihurguneetan-eta.

«Urola Kosta: itsas-lurra» kanpaina turistikoa abiatu du Udal Elkarteak

Urola Kostako Udal Elkarteak turismoa erakartzeko sustapen-kanpaina abiatu du, «Urola Kosta: Itsas-lurra» lelopean. Kanpainak eskualdearen erakargarritasun turistikoa nabarmentzen du, bisitariak erakartzeko eta COVID-19ak eragindako krisiaren aurrean jarduera ekonomikoa dinamizatzeko. Eskualdeko turismo-enpresak, ostatuak, merkataritza eta ostalaritza sektoreak indartu nahi ditu, horrela.

«Urola Kosta: itsas lurra» kanpainak helmuga turistiko jasangarri gisa kokatu nahi du eskualdea. Lourdes Salsamendi presidenteak adierazi duenez, «Gure eskualdeak eskaintza aberatsa du, askotarikoa. Urte osoan gozatzeko lurraldea da gurea. Kilometro gutxian ditu mendi ibilbideak eta hondartza, kirola eta aisia, gastronomia eta paisaia… Gure identitatea, gure bizitzeko era, gure ondarea. Bereziak izango dira datozen hilabeteak; baita Urola Kostan ere. Ziur naiz esperientzia ahaztezinak biziko ditugula guztiok bertan; guk zein bisitariok. Seguru, baina gozatuz, gure altxorrekin bat eginez».

Organikoaren eta errefusaren edukiontziek irekita segituko dute udan

Organikoaren eta errefusaren edukiontziek udan ere irekita segitzea erabaki du Urola Kostako Udal Elkarteak; alegia, ez da txartelik beharko irekitzeko. Lourdes Salsamendi Udal Elkarteko presidenteak adierazi du ezin garela lasaitu COVID-19aren aurrean eta eutsi egin behar diegula segurtasun-neurriei: «Hori dela eta, errefusaren eta organikoaren edukiontziak irekita egongo dira udan ere, herritarrei hondakinak gaika botatzea errazteko».

Udal Elkarteak dei egiten die herritarrei edukiontziak behar bezala erabiltzeko, hondakin bakoitza behar bezala sailkatuz: «Hondakinak behar den bezala sailkatzen jarraitu behar dugu: frakzioak bereizita, bakoitza dagokion edukiontzian. Erabat debekatuta dago poltsak edukiontzien kanpoan uztea. Hondakin-guneak maiz ari gara desinfektatzen» nabarmendu du presidenteak. 

Tabernetako terrazak lehengoratu behar direla gogorarazi du Udalak

Udalak gogorarazi nahi die terraza daukaten tabernetako jabeei lehengo neurrietara ekarri behar dituztela beren terrazak.

Deskonfinamenduaren hasieran, tabernak irekitzen hasi zirenean, Udalak aukera eman zien tabernariei terrazak handitzeko, mahaiak aparteago jarri eta bezero gehiago hartu ahal izateko. Momentuko egoerari erantzuteko neurri bat izan zen, ostalariei laguntza emateko pandemiak eragindako egoera zailean, ostalaritzako establezimenduen jarduera oso mugatuta zegoen-eta hasieran.

Udalak isunak jarriko dizkie txakurrak lotu gabe daramatzatenei eta txakurren gorotzak jasotzen ez dituztenei

Udalak 2012an onartu zuen udal-ordenantza bat, animaliak edukitzea eta babestea arautzeko. Ordenantza horretan zehazten da, besteak beste, txakurrek lotuta joan behar dutela beti kalean eta jabeek obligazioa dutela beren txakurren gorotzak lurretik jasotzeko. Gero, 2016an, Udalak aldaketa bat egin zion ordenantzari eta txakurrak libre, lotu gabe, ibiltzeko aukera zabaldu zuen, betiere toki eta ordu jakin batzuetan:

  • Diketik Ortzaika artean, neguan 18:30etik 10:00etara, eta udan 19:30etik 10:00etara.
  • Anbulatoriotik hondartza artean, neguan 18:30etik 10:00etara, eta udan 19:30etik 10:00etara.
  • Hondartzan, neguan 18:30etik 10:00etara; eta Aste Santutik urriaren 1a arte ordutegi honetan bakarrik: 21:00etatik 06:00etara.

OLATURA-UP! egitasmoa: Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko negozioen mapa osatu du, tokiko kontsumoa bultzatzeko

Ekainean abiatu zen OLATURA-UP! egitasmoa; eskualdeko ekintzaile eta enpresari txikien negozioak ezagutarazi, eta tokiko kontsumoa sustatzeko helburuarekin. Urola Kostako Udal Elkarteko Enpresa Sustapeneko Zerbitzuen bitartez garatu da ekimena, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean.

Bi helburu nagusi ditu programak:

  • Teknologia berrien “olatura igotzeko” baliabideak eskaini nahi zaizkie eskualdeko ekintzaile eta enpresariei; ikusgaitasuna areagotu eta beren jarduna ezagutarazi dezaten.
  • Eskualdeko negozioen mapa digitala osatuko da; eskualdeko herritarrek gertuko eta bertako kontsumoaren alde egin dezaten.

Orioko ikasle gazteak errefortzu-eskolak jasotzen ari dira uztailean, euskara-maila indartzeko

Udaleko Euskara batzordeak antolatuta, errefortzu-eskolak jarri dira abian aurten ere, ikasle etorriberrien euskara-maila hobetzeko.

Hamaikagarren urtea da Udalak errefortzu-eskola hauek antolatzen dituela udan, eta ikastetxeek ondo baloratzen dute zerbitzua. Aurten, gainera, konfinamenduak areagotu egin du errefortzu-eskola hauen premia etxean euskararik jasotzen ez duten ikasleengan. Hori dela eta, Udalak ahalegin handiagoa egin du eta inoiz baino gazte gehiagori ematen ari zaio zerbitzua: iaz bi taldek jaso zituzten errefortzu-eskolak, eta aurten, berriz, bost talde dabiltza: 45 gazte, guztira (iaz, esaterako, 16 ziren).