Orioko ikasle gazteak errefortzu-eskolak jasotzen ari dira uztailean, euskara-maila indartzeko

Udaleko Euskara batzordeak antolatuta, errefortzu-eskolak jarri dira abian aurten ere, ikasle etorriberrien euskara-maila hobetzeko.

Hamaikagarren urtea da Udalak errefortzu-eskola hauek antolatzen dituela udan, eta ikastetxeek ondo baloratzen dute zerbitzua. Aurten, gainera, konfinamenduak areagotu egin du errefortzu-eskola hauen premia etxean euskararik jasotzen ez duten ikasleengan. Hori dela eta, Udalak ahalegin handiagoa egin du eta inoiz baino gazte gehiagori ematen ari zaio zerbitzua: iaz bi taldek jaso zituzten errefortzu-eskolak, eta aurten, berriz, bost talde dabiltza: 45 gazte, guztira (iaz, esaterako, 16 ziren).

Do re ni elkarteak bi bilera egingo ditu ostegunean, martxan jarriko duen ikerketa zertan den azaltzeko

Do re ni elkarteak bi bilera antolatu ditu Salatxo aretoan uztailaren 9an, ostegunarekin: bat 18:00etan eta bestea 19:00etan. Salatxo aretoaren aforoa txikiagoa da gaur egun, osasun-krisiak sortutako egoeragatik eta horregatik egingo dira bi bilera: aforoa kontrolatu ahal izateko. Bileran parte hartzeko, kultur etxera deitu behar da (943 134 409) eta bertan adierazi bakoitzak zein saiotara joan nahi duen.

Xabier Lizaso musikari oriotarrak zuzentzen duen Do re ni elkarteak ikerketa zientifiko bat egin nahi du, musikak zahartze aktiboan daukan edo eduki dezakeen eragina modu fidagarrian neurtzeko. Egitasmoa iaztik dator, baina aldaketa batzuk izan ditu —COVID-19ak sortutako egoeragatik, besteak beste— eta aldaketa horiek azaldu nahi dizkie elkarteak izena eman zuten boluntarioei.

Herriko dendak suspertzeko erosketa-bonuen kanpaina hilabetez luzatu du Udalak

Udalak hilabete batez luzatu du ekainaren hasieran martxan jarritako erosketa-bonuen kanpaina.

Bonuak erosita dauzkatenek eta orain erosten dituztenek uztailaren 31 arte erabili ahal izango dituzte ondoko establezimendu hauetan:

Udalak aktibatu egin du Iturbide kaleko semaforoa, autoak Goiko Kaletik barrena ez ibiltzeko

Herriko sarrera-irteera guztiak Txanka-hondartzako bidetik barrena egin behar dira aste honetan, Txistulari eta Kaia kaleak asfaltatzeko lanak direla eta.

Autoak Goiko Kaletik barrena ibili ez daitezen, Udalak aktibatu egin du Iturbide kalearen hasieran dagoen semaforoa eta gorriz egongo da egun hauetan. Ibilgailu baimenduak bakarrik pasatuko dira hortik eta, beraz, baimenik gabe pasatzen diren ibilgailuek isuna jasoko dute.

Udalak itxi egingo du Oribarzarko hondartza, segurtasuna bermatu ezin delako

Oribarzarko hondartza ixtea erabaki du Orioko Udalak datorren asteburu honetan hasi eta uda bukatu arte, herritarren segurtasuna bermatzeko.

Oribarzarko hondartzan ez dago sorosle-zerbitzurik eta ez bainatzea aholkatzen da, lohia dagoelako ur azpian eta, askotan, batez ere marea behean, uraren kalitatea txarra izaten delako.

Herriko sarrera-irteerak Txanka-hondartzako bidetik izango dira uztailaren 6tik 10era

Plaza inguruko obrak direla eta, herriko sarrera itxita egongo da datorren astean, astelehenetik ostiralera, errepidea asfaltatzeko lanak egiteko.

Asfaltatuko diren kaleak hauek dira: Txistulari kalea (gaur egun herriko sarrera dena), Kaia kalea (zubi azpitik hasi eta Arostegi tailerreraino) eta Xixario erretegirainoko zatia. Asfaltatze-lanek irauten duten bitartean, kale horiek itxita izango dira eta, beraz, herrira sartzeko eta herritik ateratzeko bide bakarra izango da: Txanka-hondartzakoa.

Udalak 200 maskararen dohaintza jaso du, Miren Gozategik egindako bitartekaritzari esker

Miren Gozategi fisioterapeuta oriotarra harremanetan dago Madrilgo MEDIZEN Fisioterapia eta Akupuntura zentroarekin, han ikasten ari delako, eta harreman horretatik sortu zen dohaintzaren ideia. MEDIZEN zentroak, bere aldetik, harremana du Taiwango Qing Culture and Art Foundation erakundearekin eta hark egin ditu maskarak, orain Orioko Udalak dohaintzan jaso dituenak.

Semaforo-sistema baten bidez kontrolatzen da hondartzaren aforoa atzoz gero

Hondartzaren aforoa kontrolatzea da Udalaren kezketako bat uda honetan, COVID-19ak sortutako osasun-krisia dela eta. Udalaren lehentasuna herritarren segurtasuna bermatzea da eta, horretarako, hondartzaren aforoa kontrolatuko du, inoiz ez dadin gertatu gehiegizko jende-pilaketarik.

Aforoa kontrolatzeko, hondartzan instalatutako kamera biometrikoak erabiliko dira. Kamera horiek emandako datuak mugikorrerako app baten bidez kontsultatu ahal izango dira eta, hartara, erabiltzaileek une oro jakingo dute hondartza dagoeneko beteta dagoen (semaforo gorria), betetzen ari den (semaforo horia) ala lasai erabiltzeko moduan dagoen (semaforo berdea).

Gure Zirkua Orion izango da uztailaren 17tik abuztuaren bukaera bitartean

Iazko abuztuan egon zen Orion Iker Galarza aktorearen Gure Zirkua ikuskizuna, eta arrakasta handia izan zuen, saio guztietarako txartelak ahituta. Iker Galarzaren taldeak ikuskizuna berritu du aurten eta gure herrian emango ditu aurtengo udako saio guztiak, uztailaren 17an hasi eta abuztuaren bukaera arte. Astean bost egunetan egingo dituzte emanaldiak, asteazkenetik igandera, eta saio bakarra izango da egunero, 19:00etan.

Zirkuaren karpa iazko toki berean instalatuko da: Mendibeltz futbol-zelaiaren ondoko berdegunean. Dagoeneko ari dira muntatzen eta han izango da abuztuaren bukaera arte.

Udalak udako kultur programazioa aurkeztu du gaur, zimitorio berrian

Anuska Esnal alkateak, Xabier Ibarguren kultur zinegotziak eta Bakartxo Oliden euskara- eta turismo-zinegotziak egin dute aurkezpena, 12:30ean, elizako zimitorio berrian.

Xabier Ibarguren kultura-zinegotziak poza agertu du, azken hilabeteotako geldialdi behartuaren ondoren, berriro hasiko direlako herritarrei kultur ekitaldiak eskaintzen eta kultur agenda betetzen: «Kaleak hutsik izan ditugu azken hilabeteotan. Herriko jaiak ere ospatu ezinik geratu gara. Dagoeneko, ordea, beharrezko segurtasun-neurri guztiak beteta, kaleak biziberritzen hasteko ordua iritsi da. Espazioak betetzera gatoz berriro. Oteiza herriko kulturgileak zioen hutsak bete egiten duela espazioa, eta horretara gatoz, espazioak betetzera; baina ez hutsarekin, baizik-eta kultur eskaintza zabal eta erakargarri batekin».

Udalak digitalizatu eta ikusgai jarri du 2001ean arrauneko bertsoei buruz kiroldegian egindako ekitaldiaren bideoa

Orioko Udaleko Kultura Sailak ekitaldia antolatu zuen 2001eko azaroaren 10ean, «Mende bat arraunean» izenpean. Ekitaldi hartan 1901etik 2001era bitartean Orioko arraunlariei jarritako bertsoak kantatu zituzten herriko hainbat lagunek, musikaz lagunduta eta Marije Gurrutxaga aktoreak gidatutako kontakizun baten barruan.

Bizikletak garbitzeko gune bat sortu du Udalak autopista azpian

Autokarabana-gunearen ondoan instalatu du Udalak bizikletak garbitzeko gune berria, autopista azpian eta hondartzako errotondaren ondoan.

Guneak mangera bat du, bizikletak garbitzeko eta, horrez gain, gurpilak betetzeko puyzgailu bat ere badago, edozeinek erabiltzeko. Gunea erabilera librekoa da eta, beraz, doan erabili dezakete herriko nahiz kanpoko bizikleta zaleek, arau hauek beteta: