Garagardo Azoka dela-eta, plaza oinezkoentzat izango da ostiral arratsaldetik aurrera

Maiatzaren 24tik 26ra bitartean, ostiraletik igandera, egingo da Arraunketa Elkarteak antolatutako 7. Garagardo Azoka eta, hori dela-eta, ostiraleko 17:00etatik aurrera, Herriko Plaza oinezkoentzat jarriko da eta honako aldaketak egingo dira ibilgailuen zirkulazioan:

Maiatzaren 24ko 17:00etatik maiatzaren 26ko 20:00ak bitartean, herrira sartzeko, moilatik barrena izango da bidea; herritik ateratzeko, berriz, Txanka-Hondartza errepidea erabili beharko da.

Udal Elkarteak diru-laguntza deialdia egin du, ekintzailetasuna bultzatzeko eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko

Urola Kostako Udal Elkarteak diru-laguntza deialdia egin du, ekintzailetasuna, enplegua, inbertsioak eta lehiakortasuna hobetzeko egitasmoak sustatzeko.

2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko jarduerak lagunduko dira diruz; guztira, 255.000 euro emango ditu Udal Elkarteak diru-laguntzatan. Maiatzaren 9an onartu zituen Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak 2019ko deialdia eta oinarria.

San Martin bidea itxita izango da bi egunez, farola berriak jartzeko lanak aurreratu bitartean

Udalak eguzki-farola berriak instalatuko ditu San Martin bidean, Lizargateberritik San Martin ermitaraino eta, horren ondorioz, bidea itxita egongo da bihartik hasita, farolen oinarriak egin arte. Oinarri horien instalazioa bi edo hiru egunetan bukatuko dela aurreikusten du Udalak; beraz, bidea itxita izango da ostiralean, larunbatean eta, beharbada, astelehenean.

Lanak maiatzaren 24an hasiko dira, ostiralarekin, goizeko lehen orduan eta bidea itxita izango da geroztik. Bertako bizilagunek eta San Martin erretegiko hornitzaileek pasatzeko aukera izango dute; baina gainontzekoek itxita aurkituko dute bidea.

Udalak barkamena eskatzen die herritarrei, aldez aurretik, sortutako eragozpenengatik.

Ekainaren hasieran irekiko da izen-emateko epea, soldadura-ikasketak egiteko Zumaian

Zumaiako Soldadura Zentroan hurrengo ikasturtean Soldadurako Oinarrizko Lanbide Heziketa ikasteko izen-ematea ekainaren hasieran irekiko da.

Urola Kostako Udal Elkarteak Zumaian duen Soldadura Zentroan soldadura, fabrikazio eta muntaketako Oinarrizko Lanbide Heziketa ikas dezakete Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) gainditu ez duten 15, 16 eta 17 urte bitarteko gazteek. Ikasketa praktikoak dira, soldadurako lanbidearen oinarrizko ezagupenak eskuratzeko.

Sare sozialei buruzko ikastaroa izango da ostiralean ekintzaile eta enpresari txikientzat

Urola Kostako Udal Elkarteak ikastaro bat antolatu du, ekintzaileei edota mikroenpresetako enpresarientzat, sare sozialen erabilerari buruzkoa. Saioa maiatzaren 24an izango da, ostiralarekin, 09:30etik 13:30era.

Ikastaroaren helburu nagusia da ekintzaileei eta enpresariei erakustea sare sozialen inguruko erabilera profesionalago bat egiten. Betiere, marketin eta komunikazio erreminta gisa ulertuta, sare sozialen bitartez bezero berriengana iritsi eta sarean beren ikusgaitasuna areagotu dezaten.

Udako lanpostuak 2019. Udalak aukeraketa-proben emaitzak kaleratu ditu

Aukeraketa frogetako emaitzak aztertu ondoren, alkateak erabaki du, epaimahai kalifikatzailearen proposamenez, honako pertsona hauek kontratatzea aurtengo udako lanpostuak betetzeko, berak baitira puntuazio altuena lortu dutenak:

Udalbatzarrak ezohiko bilkura egingo du ostegunean, maiatzak 23

Bilkura udalbatzarraren aretoan izango da, udaletxean, eta 19:30ean hasiko da. Gai hauek aztertuko dira:

1.- Irakurri eta onartzea, egoki bada, Udalbatzarraren 2019ko apirilaren 30eko ohiko bilkurako aktaren zirriborroa.

2.- Behin betikoz onartzea, egoki bada, 2018ko udal-aurrekontuaren kontu orokorra.

3.- Onartzea, egoki bada, Udalaren aurrekontu propioari dagokion 3/2019 zenbakidun kreditua aldatzeko espedientea; espedientea kreditu transferentzien modalitatean egina dago.

4.- Onartzea, egoki bada, Udalaren aurrekontu propioari dagokion 4/2019 zenbakidun kreditua aldatzeko espedientea; espedientea kreditu gehigarrien modalitatean egina dago.

Herriko bi ikastetxeek eta Udalak bat egin dute Homofobiaren Kontrako Nazioarteko Egunarekin

Urola Kostako Hezkidetza Foroak proposatuta, eskualdeko ikastetxeek eta udalek bat egin dute aurten ere Homofobiaren Kontrako Nazioarteko Egunarekin.

'Zaindu aniztasunaren lorategia' izan da aurtengo leloa

Hezkidetza Foroak lorategiak ostadarraren koloreekin apaintzeko proposamena egin zien eskualdeko ikastetxeei eta udalei, 'Zaindu aniztasunaren lorategia' leloa abiapuntu hartuta. Horrez gain, gaiari buruz hitz egin dute bi ikastetxeetan, eskola-orduetan. Bestalde, ostadarraren bandera jarri dute ikastetxeek eta Udalak herritarren bistan, 'NAIZENA NAIZELA, ONARTUA' leloarekin.

Eskola-umeen literatur lehiaketaren sariak banatu ziren larunbatean

Joan den larunbatean, maiatzak 18, eskola-umeen literatur lehiaketaren sariak banatu ziren udaletxean, udalbatzarraren aretoan.

Ekitaldia 13:00etan hasi zen eta Orioko alkateak, Euskara Batzordeko kideek eta euskara-teknikariak bideratu zuten.

Haur eta gaztetxo sarituek liburu bana jaso zuten opari, oroitagiri batekin. Horrez gain, lehiaketan saritutako lan guztiak biltzen dituen liburuaren ale bat ere jaso zuten.

Ekitaldi jendetsua izan zen, urtero bezala, eta ikasleek guraso, lagun eta etxekoen txalo artean jaso zituzten beren sariak.

Hondartzako farolak pintatzen ari da egun hauetan Udal Elkarteko brigada

Udal Elkarteko brigada pintaketa-lanetan dabil egunotan Orion. Momentu honetan, egun hauetako eguraldi ona aprobetxatuz, hondartzako faroletako zutoinak pintatzen ari dira.

Arraunetxeko pantalanak berritu ditu Udalak

Udalak Arraunetxeko pantalanak berritu ditu egun hauetan. Lehengo pantalanek 20tik gora urte zituzten eta gainazaleko zura oso hondatuta zegoen dagoeneko. Berritze-lanen helburua irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea izan da. Pantalanetan jarri den gainazal berria ez da zurezkoa, baizik-eta material polimero batekin egindakoa eta, beraz, ez da hezetasunarekin usteltzen. Pantalanari tratamendu berezi bat eman zaio gainetik, ez labaintzeko.

Pantalanak Amilibia ontziolak berritu ditu eta, guztira, 12.000 euroko kostua izan du lanak (BEZa barne).

Testu eta mezu laburrak lantzeko ikastaroa antolatu du Udal Elkarteak eskualdeko enpresa txikientzat eta ekintzaileentzat

Enpresa Euskaraz Handitzen egitasmoaren barruan eskualdeko enpresa txikiei eta ekintzaileei bideratutako ikastaroa antolatu du Urola Kostako Udal Elkarteak.

Hiru egunetan, maiatzaren 8an hasita

Euskarazko testu eta mezu laburrak lantzeko ikastaroaren bidez, Urola Kostako enpresa txikiei lanean ohikoak dituzten testu eta mezu laburrak euskaraz idazteko erremintak emango zaizkie; testu mota desberdinak ezagutu eta idazteko aholkuak, Euskaltzaindiaren oinarrizko arauen lanketa, edota testuen egituraren azterketa.